XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) tente jarri zen.

Orduan Thulo Digkopiri begiratu eta esan zion bat-batean:

- Entzun duzu Mojik esan duena, Dikgopi.

- Zer duzu erantzuteko?

Dikgopik lasaitasunez erantzun zuen:

- Etxe honetan nago orduan familia erakutsi zuen eskuaz, zuek gutxienez bi hilabetez etxea zaintzen geratzeko eskatu zenidatelako.

- Orain hemen esandakoaren lekuko zaretenez gero, Moji eta bere etxea uzteko erabakia hartu dut.

- Hiri handira joango naiz berriz.

Familiakoek behin eta berriz eskatu zioten Dikgopiri Nkwengen geratzeko, baina haren iritzia aldarazten huts egin zuten.

Hiri handira itzuli zen, eta han berarekin ezkontzeko eskaintza egin zion gizon bat aurkitu zuen.

Senarrak haren haurra onartu zuen eta, bere garaian, beste hiru haur izateko zoriona izan zuten.

Dikgopi eta Kgotso, senarra, Kgotsoren amarekin bizi ziren, hiri handiko beltzen auzoan etxe bat baitzuen.

Dikgopi oso zoriontsua izan zen eguneroko bizitzan maitasuna, samurtasuna, ardura eta bizimodu baketsua ezaugarri zituen etxe batean bizitzeko aukera izan zuelako.

Eta Dikgopiren familia ere oso pozik zegoen hura bizimodu hartara egokitzen ikusi zutelako.

Zorte ona izango zuen, ziur zeuden.

Bederatzi urte geroago familiak jakin zuen lehengo ohiturak hartu zituela berriz; txikitako heziketak menderatu zuen.

Bururik gabe hasi zen jokatzen: ez zen lanera joaten, ez zen egunetan etxean azaltzen, eta amaginarreba zaharrari uzten zion etxeko lanen ardura eta baita haurrak zaintzekoa ere.

Irabazten zuen dirua nolanahi xahutzen zuen, eta senarrari lantokira diru eske joateko lotsarik ez zuen.

Harrigarriena zen senarrak ezkontza ez etetzea.